Lehengo EEBB AEB bihurtzea erabaki du Egunkariak, baita praktikan jarri ere.
Ados.
Hala ere, problema bat dago, eta handia gainera, deklinabidearekin.
Lehen, EEBB idazten zenean, inork ez zuen irakurtzen hor e-e-b-b, baizik eta
Estatu Batuak; beraz, bidezkoa zen pluralean deklinatzea: "EEBBek esan dute,
EEBBei komeni zaie" eta abar. "Estatu Batuek, Estatu Batuei" irakurtzen
baikenuen hor.
Orain, ordea, AEB ikusita, zer irakurtzen dugu? "Amerikako Estatu Batuak"?
Hizkuntzaren ekonomiaren kontra doa hori, erabat; siglekin pixka-pixka bat
ohitu orduko, a-e-b irakurriko dugu, b-b-k bezain natural. Hala ere,
pluralean deklinatzen segitzen dute Egunkarian (salbuespenen batekin:
zuzentzaileak ohartu ez nonbait, eta kulturan Paul Austerri buruzko artikulu
batean singularrez atera zen). "AEBek esan dute, AEBak haserre daude" eta
abar.
Nola irakurri horiek? "a-e-b-ak haserre daude"? "Amerikako Estatu Batuak"
haserre daude? Nire ustez ez du ez buru eta ez ipurdi. Edo, finago, esanda,
askoz logikoago litzateke, neure ustetan betiere, plural kontuak ahaztea eta
bai deklinabidea bai aditzarekiko komunztadura singularrez egitea.
Kontra-argudio bat: Amnistiaren Aldeko Batzordeak AAB idatzi eta pluralean
erabiltzen da. Ados. Baina hor ere, "AABek esan dute" ikusi eta inork ez du
bere baitan "a-a-b-e"k edo "Amnistiaren Aldeko Batzordeek" irakurtzen,
baizik eta, operazio mental xelebre baten bitartez, "Jestorek".
Nire ustez garaiz gabiltza aldatzeko, eta onerako delakoan nago. Gure
iritziak hemen plazaratuz, aldekoak nahiz kontrakoak, aburu berriak sor
litezke, aditu jendearen usteak nondik nora doazen ikusi, eta beharbada
Egunkariko gure lagunek iritzia aldatu ere bai.
San Tomas bezpera honetan, halako uretan sartzeko baino txoritxo eta
ardorako garai hobea izan liteke, baina, opor-usaina gorabehera, eztabaida
pixka bat espero dut.
Besarkada bat denoi,
Xabier Mendiguren Elizegi