|
Ederki, Patxi, mila esker Euskaltzaindiarena aurkitzeagatik, eta besteoi
besteengatik.
Besterik ez badago, hona ni neure gisako hausnarrean zertara iritsi naizen,
adibide zerrendatxo batean bilduta eta ia azalpen espliziturik behar ez
duela, ustez.
Interesik ez duenak, paso egin dezala lasai, luzetxo ere bada eta.
Izenburua ere aldatu diot, hobe ustean. Gaian sartu aurretik, hala ere,
egunari ohore (“Basatxoritxo moko luzia” doinuan kantatzea gomendatzen dut):
Abendubaren ogeita bata
santo Tomasen eguna,
Donostiyako ziudadian
jai zelebratzen deguna.
Pobre ta aberats jende askori
maiz akordatzen zaiguna;
Azpeitiyan du beste santu bat
bere moduko laguna.
Horraino Txirrita (barka biezaiote beste herrietako santo Tomasek), eta hel
diezaiogun gaiari.
ZENBATEAN/ZENBATEKO / ZENBAT/ZENBATEN
ZenbateAN (zegAN) da(go) txistorra?
Bost euroAN kiloa. (> (kiloa) bost euroKO txistorra)
Zenbat (txistor) erosi dugu?
Zortzi kilo (txistor).
(Harakinak:) ZenbatEN/zenbat eurorEN txistorra nahi zenuen?
Berrogei eurorena (40 euroren txistorra).
(Bezeroak:) Zenbat da txistorra (guztira)?
Berrogei euro (da txistorra(guztira)). (40 eurorEN txistorra (guztira))
Zenbat zen/genuen aurrekontua?
Hogeita hamabost euro (zen/genuen aurrekontua).(>35 eurorEN aurrekontua)
Zenbat zor dugu/da zorra?
Bost euro (zor dugu/da zorra). (5 eurorEN zorra dugu/da)
Azkenekook, beraz, “zenbatEN txistorra/aurrekontua/zorra” galderaren
araberakoak dira.
Joskera berezko hori galdu ahala, antza, “zenbateKO” orokortuz joan da
aspaldion guztietarako, bereizkuntzok galduz. Adibideotatik ikus daitekeenez
(eta aspaldi-aspaldiko mezu batean erabili genuenez) oinarrizko esapidetik
datorkigu desbidea:
Zorra/aurrekontua 5/35 euro da >
?Zorra/aurrekontua 5/35 euroKOa da.
Jakina, oinarri horretatik, bere horretan egiten da bestea ere:
?5/35 euroKO zorra/aurrekontua.
(Erdaraz: Presupuesto =(:) X; El presupuesto es/son (:) X > El presupuesto
es DE X; un presupuesto DE X)
Preposizio-joko bereziaren imitazio baldartxoa nagusitu samartu zaigula,
alegia, hainbestetan bezala (ez naiz luzatuko horretan, baina hor ere,
tipikoki, pentsa zer alferrikako eta xelebrea den, besteak beste, –KO hori
eranstea amaieran, delako X kopuru hori luzea denean.).
Garbi esateko, bada: nik neuk ez dut dagoeneko zalantzarik –KOrik gabeko
formak direla hor egoki-bete bakarrak izatez, eta horiexek erabili behar
genituzkeela (“behar genituzke” hori letra etzan etsiz doa), baita
"aurrekontu" bezalakoetan ere.
Amaitzeko, galderatxo bat, benetako “(kiloa) zenbateKO txistorra” moldeari
buruz. ZENBATEKO hori ZENBATEANetik badator, ba al da ZEGAN bizkaierazkotik
datorrenik? Galdera, esan nahi dut, ez haren erantzuna, hori berdina baita
bizkaieraz ere (“Ehun pezetaKO txistor-pintxoa”).
"Zazpi tantuKO aldea", bidenabar (ezta "aldea zazpi tantuKOa da" ere: zazpi
tantuz aurretik doa, zazpi tantu ateratzen dizkio: zazpi tanturen aldea
daramakio/dute), ez da existitzen -oraindik- nire gramatikan. Ez dakit
zuenean.
On egin, eta esango didazue bat zatozten edo eta zenbateraino.
Badaezpada ere, hona adibidetxo batzuk, agindua zor (ZENBATEKOrik ez dut
aurkitu alerik ere, bisitatu dudan tradizio guztian, adiera horretan):
...-Munita, Gure - 65: Nola-nai ere, bost ektarea ez diran lur aiek
urteko ogei milla pezetaren irabazia ematen diote bere jabeari
Munita, Gure - 66: Baño, nola nai ere, jo gentzake berrogei ta
amar milla pezetaren irabazia garbi-garbi
Iraola, Oroi - 31: Bai; gutxienaz izango dezu lau duroren
meseria illian
Elissamburu, - 33: Etxeko andreak ezarri zituenean bi basoak, bakhotxa
sei arditen edariarekin,
Barbier, Sup - 66: 25 liberaren tabakoa tizanetan
Iraola, Oroi - 73: Atzo bertan golfo bat ikusten nuen, duro bat
kanbiyatzen bost zentimoren txufak pagatzeko
Aguirre Aste - 523: Bigarrena: erramu egunetik asita amabost
egunen barrunbean komulgatu ditezela komulgatzera beartuak daudenak eskomiku
nagusiaren, eta lau errealen penan
Iztueta, Gip - 143: saldu izan zirala zama bakotxa berrogei ta
amabi errealen balioan, zeintzuk dakarten lau milla berreun irurogei ta lau
erreal
Azkue, Batxi - 138: Amar errealen gora-beerea
Laphitz, Bi - 240: dio *Iñaziok: berheala salazu ehun luisen
harria
Barbier, Sup - 111: Eta aditzaileak ez du behar aditua
errepikatu, bi sosen girixtinotasunik balinbadu segurik
Elissamburu, - 20: *Mattinek erran zian lau aldiz liburu guzia, lau
sosen zor zuelakotz
Elissamburu, - 33: Aphur bat solas egin ondoan, *Piarresek
galdegin zuen hiru sosen edari azkarra bi baso flakoetan,
Hiribarren, - 21: Sinhesten dut ezduzula gaizki handirik nihori egin,
etzarela beharrean zuregatik, eta eznauzula atzeman nahi: Zenbaten zorra
dukezu
Barbier, Ipu - 132: Hamar sosen zorra pagatzen duenak ez du
gutiago ordainduko lau liberako ogia.
|
Fri Dec 21, 2001 11:27 am
"Juan Garzia Garmendia" <jjgargar@...>
jjgargar@...
Send Email
|